Masa-gizarte

Masa-gizartea gizarte mota bat da. Mendebaleko gizartean izan den aldaketa handienetako bat XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran gertatu zen. 1870. urte inguruan masen aldia hasi zen.

Aldi hartako ezaugarri nagusiak hauek izan ziren: hazkunde demografiko handia (hirietan batez ere, jende asko eta asko herrietatik hirietara joan baitzen bizitzera), masak bizitza sozialean eta politikoan parte hartzen hasi ziren, eta gizarte eta ekonomia egituren artean desberdintasun handiak zeuden. Hamarraldi horietan errotik aldatu ziren gizarte egiturak, erregimen politikoak, sinismenak, eguneroko bizitza eta baita lan egiteko eta astialdia igarotzeko moduak ere. XIX. mendearen bukaerako gizarteak hamarraldi gutxi batzuetan argi elektrikoa, telefonoa, automobila, hegazkinak, trenak, biltegi handiak, zinema eta herri aldizkariak nola sortzen eta zabaltzen ziren ikusi ahal izan zuen. Jendearengan mundu berri bat zetorrenaren sentipena sortu zen; mundu berri hura kontsumo ondasunez eta bizitza maila hobetzeko aukeraz beteta zegoen.

Biztanleak gero eta gehiago ibiltzen ziren batetik bestera, eta horrek pentsamoldeak sekulartzea ekarri zuen ondorioz. Ordu arteko gizarteari eusten zioten taldeekiko loturak desagertu zirenean, gizartean aldaketak eragiteko aukera berriak sortu ziren. Berrikuntzen artean aipatzekoa da Lehen Mundu Gerran feminismoak izan zuen indarra.

Gizonezkoak gerrara joan zirenean, emakumeak haien lanpostuetan hasi ziren lanean; hala, emakumeek lan merkatuan sartzeko aukera izan zuten, eta poliki-poliki emakumeen bizimodua ere aldatu egin zen. Hala eta guztiz ere, garapen aldi hartan alderdi ilunak ere izan ziren, eta arazo berriak sortu ziren gizartean.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search